Gartxoten borroka

Mikel RODRIGUEZ LANDA

«Euskalduna bere hizkuntzaz lotsarazten da, esparru publikoan erabiltzeko trabak paratzen zaizkio eta etxeko sukaldera mugatu nahi da bertako hizkuntza»

Joan den hilean estreinatu zen Euskal Herriko zine­metan Gartxoten kondairari buruzko filma, ma­rraz­ki bizidunetan egina, ‘Gartxot, konkistaren ai­tzineko konkista’ izenburupean. Arturo Campionek Itzal­tzuko bardoaren kondairari buruz egindako ber­tsio­aren bertsioa da istorio hori, lehenbiziko komiki egina, eta, orain, marrazki bizidun. Nafarroako Erresuma oraindik independentea eta errege euskaldunen agintepekoa bazen ere, Pirinioetara etorritako monje erdaldunek euren ohitura eta hizkuntza arrotzak ezarri nahi izan zizkieten bertako herritarrei, eta Gartxot­ek ho­rren aurka egin zuen borroka. Monjeek semea bahitu nahi izan zioten, latinean hezi eta euskara bazter utzi zezan, baina haien eskuetan utzi aitzinetik, Gar­txo­­t­ek nahiago izan zuen semea bere eskuekin akabatu. Atze­rriko ohituren inposaketen dramaren adierazle bat da Gartxoten kondaira. Istorioa kokatzen den garaitik ehunka urte pasatu dira. Ordutik Nafarroako Erre­suma lurraldea galtzen joan da etengabe, Espainia­ren eta Fran­tziaren atzaparretan erori arte. Eta ehunka urte hauetan, bertako hizkuntza bakarrak, lingua na­varrorumak, etengabe egin du gibelera. Duela 200 urte eskas (Historian 200 urte ez baita deus), Nafarro­a­ko herritar gehienak euskaldunak ziren. Napoleonen tropek Iruñea hartu zutenean bandoak euskaraz egin behar izaten zituzten euren aginduak bertako jendeari ulertarazi ahal izateko, eta urte batzuk geroago, orain­dik hegoalderago, Arta­xoak herri euskalduna izaten segitzen zuen. Zer gertatu da bada hainen denbo­ra tarte mo­tzean Nafa­rroako hizkuntza solasten dugu­nak 20.000 biztanle eskaseko lurralde eremu batera mugatuta gelditzeko, eta handik kanpo euskara gala­ra­zi zen lekuetara heda­tzeko etengabeko borrokan aritu behar izateko? Asimilazioaren logika dago ho­rren gibelean. Atze­rritik bul­tzatu, eta bertako eliteekin bat hartuta egiten den deuseztatze politika, bai Gartxoten ­garaian, bai gaur egun. Euskalduna bere hiz­kuntzaz lo­tsarazten da, esparru publikoan erabil­tzeko trabak paratzen zaizkio, eta etxeko sukaldera mugatu nahi da bertako hizkun­tza. Horrela, hamarkada gutti batzuetan milaka nafa­rrek ez zieten beraien hizkuntza transmititu seme-alabei, haien izatea ukatu zuten, pentsatuz euskarak ez zuela deusetarako balio, eta hobe zela madril­darren pareko izatea, Atarra­bian bizi arren. Makilakadaka eza­rritako mentalitate horrek bizirik segitzen du Nafarroan, Yolanda Barcina eta gisako elementuek hauspotua, baina oraingo boteretsuek ere garbi eduki dezatela Gartxot bezala, haien izateari uko eginen ez dioten milaka herritar parean edukiko dituztela.

0 Iruzkinak:

Publicar un comentario en la entrada

Zure iruzkina idatzi