Dietak

Xanti BEGIRISTAIN MADOTZ

Gu bizi garen gizarte moderno ustezko honetan, gero eta ohikoagoa da dena transformatu eta eraldatu behar izatea, besteak beste, kontsumitu behar ditugun elikagaiak. Hemen ez da libratzen ia-ia inortxo ere.
Egia da, bai, gero eta produktu biologiko edo ekologiko gehiago kontsumi­tzen direla, baina, beti ere, oraindik neurri oso txiki batean, batez ere, ekologikoak ez diren beste produktu horien kontsumo kopuruarekin alderatzen baditugu. Dieta mediterraneoari buruz hitz egiten ere entzuten edo ikusten dugu, baina oraindik nahiko gutxiengo txikia da. Hala eta guztiz ere, bide horretan barna joan beharko genuke, gure osasuna pixka bat zaindu nahi badugu behinik behin. Gainera, garai batean, gure arbasoek eta baita guk gerok ere, txikitan ezagutu genuen elikatzeko modua, Euskal Herrian bertan ere, oso antzekoa zela, dieta mediterraneoa horrekin alderatuta, alegia, elikagaiak industrialki manipulatu gabeak, intsektizidarik, herbizidarik, koloragarririk eta kontserbagarririk gabeak, eta abar, besteak beste.
Ulertzen dut gizarteak aurrera egiten duela, eta horrela egin beharko duela gainera, baina, beti izanen da ezinbestekoa minimo batzuk errespetatzea arlo guztietan, eta baita elikaduraren alorrean ere, bestela, gero eta agerikoagoak dira, gure gaurko gizarte honetan, sortzen ari diren gaitz eta arazo berri, moderno eta larriak, bizimodua gero eta sedentarioagoa den honetan, konparaziora, minbizi gaizto berriak, gizenkeria, eta bat eta beste.
Horiek horrela, beganoen bizimodua ere gomendagarria da, hau da, erabat begetarianoak direnena. Alde batetik, bera­iek modu osasungarrian elikatzen dira, eta, bestetik, animalien eskubide unibertsalak bete-betean errespetatzen dituzte (…) Azken ideia horrekin lotuta, gaur egun mundu osoko edozein sendagile eskudunek esanen digu, pertsona guztientzat erabat gomendagarria dela, osasuntsu bizi ahal izateko, kirola praktikatzea, soinketa egitea, oinez ibil­tzea, bizitza patxadaz hartzea, erlaxatzea, bizimodu orekatua eramatea, ongi lo egitea, eta abar. Eta era berean, ez direla batere gomendagarriak honako produktu hauek, batez ere kopuru handitan, hots, tabakoa, alkohola, azukre zuria, itsa­sokoa ez den gatza, ogi zuria, irin osokoak ez diren janariak, gozoki finduak, kafea, tea, txokolatea, beste droga mota asko, eta abar.
Laburbilduz, esan liteke, hemen azaldu dudan moduan bizi izanez, elikatuz, ibiliz eta jokatuz, askoz ere aukera handiagoa dugula osasuntsuago bizi izateko eta, aldi berean, arazo gutxiago edukitzeko gaixotasunak direla-eta.
Baina, goiburuari ongi erreparatu baldin badiozu, irakurle horrek, erraz konturatuko zinen pluralean jarri dudala, eta zergatik?, ba, beste mota bateko dietak ere badaudelako, besteak beste, Yolanda Barcina Angulo andreak, Nafarroako Foru Erkidego honetako lehendakari buruargiak, eta bes­te pertsona buru azkar batzuek ere hartu –lapurtu?- dituztenak. Dieta horiek ez dira lehengoak bezain gomendagarriak, hasieran gizenarazten dizute poltsa, baina, gero mu­rrizten dizute boto kopurua eta, gainera, denen aurrean gelditzen zara lotsagarri.
Bizi ongi, osasuntsu, zoriontsu eta ahal bada, euskaraz.

0 Iruzkinak:

Publicar un comentario en la entrada

Zure iruzkina idatzi