Txapel batekin bi buru estaltzea beti izan da zaila. Eta gaur munduak daukan joerarekin, zaila ez, ezinezkoa dela esan daiteke. Buru asko egonagatik, gero eta gehiago, ia ez baitago txapelik.
Urte honetan, bakoitzaren poltsikoak bizipen bereziak izango ditu. Karterek aspaldi erabaki zuten negar egitea, poltsak sorbaldan eramateko tresna dekoratiboak besterik ez dira. "Batek hamar eta hamarrek bat ere ez" kontzeptuak inoiz baino indar handiagoa dauka.
Ekonomiaz asko ari gara ikasten aspaldian: kontzeptu berriak, sentsazio garratzak eta zorioneko arrisku prima beti protagonista. Bankuak ezin ase, enpresariak beti gose... Eta hori guztia jasan behar duena, nahi eta ezinean dabilen lurtar gajoa.
Dena den, bada gai bat, orain urte batzuekin alderatuta oso gutxi entzuten dena. Klimaren afera da. Politikoek aldian-aldian lurra aldaketa nabarmena bizitzen ari dela esaten dute, baina hor gelditzen da. Oso azalean, eta inolaz ere sakondu gabe. Hegoafrikako Durban hirian berriki egin den Klimaren Goi Bileran ondo ikusi ahal izan da hori. Egunkariek apenas eman dioten garrantzirik, telebistek nahikoa ahazturan eduki dute, eta irratietan nekez entzun da bileren emaitzen berri. Garai batean ez zen hori gertatzen Kiotokoa bezalako hitzarmenekin. Baina gauzak asko aldatu dira, gehiegi aukeran. Lehen zer pentsatua ematen zuena, orain denbora pasatzat daukate askok. Natura ustez aldatu daitekeen atrezzo soila da, besterik ez. Jarrera honek ez dakigu zenbat iraungo duen, baina zenbat eta lehenago esnatzen hasi, hobe; bestela, amesgaiztoa erraldoiagoa eta mardulagoa izango da eta.
Azken 50 urteetan biztanleria 3,5 aldiz biderkatu dela jakin dugu berriki. Berehala 7 mila milioi biztanle izango gara, eta, historian lehen aldiz, hirían jende gehiago bizi da herrietan baino. Biztanleria nabarmen gora, eta baliabideak behera, gupidarik gabe gainera. Adibidea argia da: Lehen Munduko herritarrek bezala jende guztiak kontsumituko balu, zer gertatuko litzateke? Ba beste Lur oso bat eduki beharko genukeela. Iturriak ez du etenik, txorrota beti irekia dago baina, ur emari honek amaiera jakina du. Natur baliabideak ez dira infinituak, eta zaindu ezean jai dago.
Azken urteetan egindako gehiegikeriek berehala ekarriko dute soka. XX. mendean munduko biztanleria lau aldiz biderkatu da, ikatza sei aldiz gehiago kontsumitu dugu, metalak zazpi, eta aluminioa hogei bider gehiago. (…) Aberatsen eta txiroen arteko muga gero eta potoloagoa da, eta konponezina dirudi. Egunero-egunero, bost minutuko tartean, 5 emakume hiltzen dira erditze unean, eta 100 bat umek galtzen dute bizia sendabide erraza duten gaixotasunekin. (…)
"Ume jaio eta ume bihurtu" dio esaerak, eta batzuek badirudi ez dutela Toys R´Us partikularretik atera nahi. Han dena polita, ederra eta koloretsua da. Errealitatea, aldiz, bestelakoa. Guk poltsikoan eta buruan izango ditugu arazoak, ekaitz ekonomikoa jasan beharrean egongo gara, eta etsipena etengabea izango da. Baina asko dira poltsikoa zer den ere ez dakitenak. Arrisku primaren entzuterik izan ez, baina etxean bertan bestelako lehengusuak dituztenak, askoz ere makurragoak.
















0 Iruzkinak:
Publicar un comentario en la entrada
Zure iruzkina idatzi